XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ignaz Semmelweis konturatu zen bere sailean erditzen ziren emakume askok, % 10ak, heriozko gaitz bat harrapatzen zuela: erditze ondoko sukarra.

Hospitaleko beste sailean, berriz, gaitz hori harrapatzen zuten emakumeen portzentaia ez zen % 1era iristen.

Zergatik halako diferentzia?.

Hasteko, arazoari buruz zeuden eritziak jaso zituen.

Horrela, gehienen ustez, A saileko hilkortasun handiaren arrazoia, medikuntzako ikasleek sail horretan beren praktikak burutzean, emakumeei egiten zizkieten arduragabeko azterketak ziren.

Beraz, debekatu egin nien emakume erditu berriak aztertzea.

Hala ere, hilkortasuna ez zen jaitsi.

Handik denbora puska batera, beste ideia bat otu zitzaion.

Bera eta bere laguntzaileak autopsia gelan ebakuntzak egin ondoren iristen ziren A sailera, eta eskuak ur eta jaboiarekin besterik gabe garbitu ondoren bisitatzen zituzten emakumeak.

Ez ote da izango gorpuen materia gaitz horren arrazoia?.

Posibilitate hori frogatzeko arau berria ezarri zuen: gaixoak aztertu baino lehen, eskuak ondo garbituko zituzten denek kloratutako kare-disoluzio batekin.

Hilkortasuna jaisten hasi zen eta B sailekoa baino txikiagoa izatera iritsi zen.

Bereiz al ditzakezu sendagile horren ikerketan lan zientifikoaren urrats desberdinak?.

Zientzilariak arazoak planteatu, aztertu, nondik nora doazen ikusi egiten du lehenbizi.

Horrekin batera soluzio edo esplikazioren bat igartzen du edo bururatzen zaio (hori da, hain zuzen, noizbait adituko zenuen hipotesi hitzaren esanahia).

Hipotesi hori egiaztatzea da hurrengo lana.

Horretarako beharrezkoak diren esperientziak diseinatu eta gauzatuko ditu zientzilariak, askotan esperientzia horretan neurketak eginez.

Azkenik, esperientzien emaitzak aztertu, ordenatu eta interpretatu ondoren, ondorioak aterako ditu.

Ikusiko duzu ikastaroan zehar nola, askotan, arazoak planteatu ondoren, esplikazioak eskatuko zaizkizun, eta gero, azalpen horiek egiaztatu egingo dira.

Lehen esan dugun bezala, neurketak egitea eta neurketa horiek interpretatzea (grafikoen bitartez, gehienetan) askotan egin beharreko lanak izango dira.

Horregatik aztertuko ditugu orain mantxoxeago.